Berria egunkariko “Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa”: Kolonbia ikusezina

Aurtengoan ere Berria egunkariko “Bidaia eta mendi kroniken lehiaketan” hautatua izan da Kolonbian jazotako istorioekin osatu dugun testua. Berriako lotura, hemen.

Gustu baduzue, argazki gehiagorekin muntaturik eskaintzen dizuegu ondoren.

KOLONBIA IKUSEZINA

Iluntzear iritsi gara Heriotzaren Tranpolinera. Nahikoa, gaurkoz; egun osoa pedalei eragiten ibili ostean, ez daukagu indarrik gehiagorako. Zeharkaldiko puntu gorenean gaude, 2.300 metroko altueran, eta ikusmira paregabea da bertatik. Gure azpian, ia bi mila metro beherago, Mocoa hiri tropikala ikus daiteke, eta, haren atzealdean, lautada erraldoia: Amazonas. Gogorra bezain ederra izan da gaurko etapa; 50 kilometro egin ditugu lurrezko bide bihurrian gora eta behera, oihanak estalitako mendikatea gurutzatzeko.

“Heriotzaren Tranpolinera” bidean

Janari postu bat dago begiralekuan. Aguapanela bat eskatu dugu eta, indarberritzen garen bitartean, inguruan kanpina jartzeko lekurik ba ote den galdetu diogu zerbitzariari. “Bai, noski! Errepidearen bestaldean dago nire etxea; atarian kanpatu dezakezue”. Bertara eraman gaitu, eta estalpeaz gain, dutxa eta iturria eskaini dizkigu. Behar dugun guztia.

Kamzá Herria

Afaria prestatzen ari garela, egunari errepasoa eman diogu. Sibundoy izeneko herrian esnatu gara, Taita Miguel eta Mamita Clementinaren etxean. Goizeko bostak ziren arren, martxan zegoen jada sukaldea, Mario ipuin-kontalari Bogotarra gosaria prestatzen ari baitzen bertan geunden hogeiontzako: irin frijituzko opilak eta kafe kazolakada handi bat.

Ekuadorren ezagutu genuen kolonbiar batek eman zigun familiaren helbidea, eta, bidaiatzean garatzen den atrebentziarekin, atea jo genien herrira iritsi ginenean. Aurkezpenarekin hasi orduko, Clementinak moztu egin zigun, irribarretsu: “Ongi etorriak! Nahi duzuen denboran gera zaitezkete gurean”. Barrura sartu ginenean, anabasa zen nagusi: familiako hamar senideak eta orduan beraiekin bizi ziren zortzi bidaiariak elkarrekin –batzuk musika jotzen, beste batzuk amarekin artisautzan, Taita Miguel xaman lanetan, haurrak inguruan…–. Xumea zen etxea, umila familia, baina bidaiarientzako ateak beti irekita. Haiekin kontu-kontari aritzea zen trukean eskatzen zuten bakarra.

Etxeko sarrera. Bertan muntatu dugu kanpina

Hotz egiten du Heriotzaren Tranpolinean. Afalostean, zakura sartu gara, eta pixka bat irakurtzea pentsatu dut lokartu aurretik: Gabriel Garcia Marquezen nobela batekin ari naiz. Liburua ireki bai, baina ezin arreta bildu; beste nonbait daukat burua.

Sibundoy da Kamzá jatorrizko herriaren hiriburua. Autogobernua dauka komunitateak 1991tik eta, hezkuntza kabildo indigenaren esku dagoenez, saiatzen ari dira eskolan kultura nahiz hizkuntza ahalduntzen –gaur egun, hiru mila hiztun dauzka erabat isolatua den Kamzá mintzairak–.

Sibundoy bailara

Mukuru zen etxeko sukaldea adi zegoen helduen kontakizunei. Hitz egin ziguten espainolek bailaran egindako sarraskiez, plazako zuhaitzetan urkatu zituzten hamarnaka arbaso borrokalariez, kultura eta hizkuntza mantentzeko borroka etengabeaz… Alabaina, ez ginen entzule soilak izan, jakin nahi baitzuten guri buruz ere: Europako bizimodua, gure kulturaren berezitasunak… Guk ere hitz egin genien herri txiki bati buruz, babestu beharreko hizkuntza batez, gaurdaino dirauen gatazka eta indarkeriaz…

Kolonbian ere egundaino irauten du gerrak. Azken urteetako bortizkeriaz galdegin genien. “Bai bai, bailara galdu honetara ere iritsi zen azken gatazka. 90. Hamarkadan, FARC gerrillak eraso egin zion herrian zegoen armadaren kuartelari. Aurreko gauean, ordea, etxez-etxe abisu-orria banatu zuten gerrillariek, biztanleak babeste aldera: «Lehen tiro-hotsa entzutean, ez irten etxeetatik»”. Eta, hala ere, ezustean harrapatu omen zituzten militarrak.

Hitzik irakurri gabe itxi dut liburua. Nahikoa Errealismo Magiko gaurkoz.

Biharamunean, eguna argitu aurretik esnatu gara, eta Tranpolineko talaiatik ikusi dugu egunsentia. Atzealdeko mendateari azken begi-kolpe bat eman diot, Sibundoyko lagunak agurtzeko-edo, eta azpialdeko bailara behatu dut ondoren. Ileak harrotu dizkit zirrarak.

Heriotzaren Tranpolina

Tapias

Trumoiak jo du Tapias herrixkara sartu garen unean. Hamabost bat etxalde, eliza eta eskola, horixe da dena. Ekaitza lehertzear denez, estalpea bilatu behar dugu, eta eskolara abiatu gara galdetzera. Zuzendaria ez dela herrian bizi erantzun digu irakasle batek, baina deituko diola telefonoz, baimena eskatzeko. Lotsatuta itzuli da handik bi minutura; ezezkoa jaso du. Inguruan pilatzen ari zaizkigun ikasle, bizilagun eta irakasleek haserre-keinuak egin dituzte: “Hiriko jende hau!”.

Tapias

Ez digute erreakzionatzeko denborarik eman. Ikasleen artetik hamabi bat urteko neskatoa gerturatu zaigu, lotsati, eta bere etxera gonbidatu gaitu. Eskaintza polita da, baina zalantza egin dugu; aldapa pikoa dauka haraino, eta daramagun kargarekin zaila izan daiteke iristea. Beste ikasle batek hartu du erabakia: “Bizikleta horiekin, ezinezkoa”. Kuadrillako hirugarren neska bat animatu da jarraian: “Nire etxeko atarian bada lekurik, eta gertu bizi naiz!”. Bertara abiatu gara denok –lau irakasle, dozena bat ikasle eta gu–, jada lehen lotsak gaindituta, kontu-kontari. Iritsi eta egoera azaldu orduko, adeitsu gonbidatu gaitu neskaren amak etxe aurrean kanpatzera. Poza ezin ezkutaturik dago alaba bere alboan. Tamalez, orduantxe hasi dira lehen euri-tantak, eta zalantza egin du amak: “Euri asko egitean putzua sortzen da etxe-atarian…”. Guk ezer esaterako, nahikoa da dioen keinua egin du irakasle batek. Eskolako aterpean sartuko gaitu, esan dezala nahi duena zuzendariak. Familiari eskerrik beroenak eman eta eskolara itzuli gara. Irakasle-etxeko dutxan garbitu eta ekaitza lehertu den une berean hasi gara afaria prestatzen, babesean goxo-goxo.

“Hiriko jende hau!” mespretxuz esan dutenean, 50 kilometrora dagoen Ibaguekoei buruz ari ziren Tapiaseko bizilagunak. Guk, aldiz, jende ederra aurkitu genuen 600.000 biztanleko hiri horretan ere. Esaterako, Andres. Bizikletan bidaiatzea gustuko zuen gazteak familiaren etxean hartu eta bere egunerokoan txertatu gintuen segituan. Konturatzerako, parrandan amaitu genuen bere lagunekin. Biharamunean, ordea, ez genuen nagikeriarako denborarik izan: bazkaltzeko, euskal menua prestatu genion familiari.

Bazkalosteko kafean, Euskal Herriaz eta Kolonbiaz aritu ginen. Ezkerreko militanteak ziren familian –gurasoak klandestinitatean ibiliak ziren gatazkaren urterik gogorrenetan–. Gaur egun lasaiago omen zegoen giroa, baina Andresek, 24 urte izanagatik, ezagutzen zuen jada errepresioaren atzaparra. Eskualdean gertatu zen nekazari-hilketa baten harira, ikasle-mobilizazioa antolatu zen, eta istiluak izan ziren bertan. Antolatzaileak egin zituen erantzule poliziak, eta tartean zen Andres. Ikerketa “zorrotza” izan zen: Ibague osoan zehar jarri zituen kartelak poliziak, bere eta beste kide batzuen argazkiekin, norbaitek haiek salatzeko frogarik balu ordainsari potoloa eskainiz. Far Westeko parodia bat zirudien istorioak; seinalatuei, ordea, ez zien grazia zipitzik egin ekimenak: ezkutatu egin behar izan zuten denbora batez. “Badakizue zer esan nahi duen seinalatze horrek Kolonbian? Gu garbitzeko barra librea. [Ezkertiarra = gerrillaria = terrorista = inpunitate osoz akabatu daitekeen pertsona] ekuazioa oraindik erabilgarria da hemen”.

Andres eta bere familiarekin

Tapiaseko eskola irekitzerako, bidean gara biharamunean. Andresek eman zigun Ibague eta Salento elkartzen dituen bidexka horren berri. Interneteko mapetan ez zen agertu ere egiten, eta gogorra omen zen, baina oso ederra. Konbentzitu egin gintuen, eta ez gara damutu aukeraketaz.

Atzo, kafe-soro eta bananondoen artean eman genuen eguna.

Kafe eta banana plantazioak

Gaur, aldiz, altuera hartu ahala, asko ari da aldatzen ingurunea. Aldapa gora etengabea eta gogorra da, eta bizikletari bultzaka ibili behar izan dugu zati batzuetan. Orduek aurrera egin ahala, arrakatxa tuberkuluaren soroek ordezkatu dute paisaia tropikala, eta zaldian doazen nekazariak izan dira gurutzatu dugun trafiko bakarra.

Arrakatxa konboia

Arratsaldean, Argizari Palmondoak hasi dira agertzen –60 metroko garaiera har dezaketen zuhaitz endemikoak–, eta are ederragoa bihurtu da ingurua.

Argizari Palmondoak eta arrakatxa soroak
60 metrorainoko altuera hartzen dute Argizari Palmondoek

Indarberritzeko, geldialdia egin dugu, eta Tapiaseko neskato-kuadrilla oroitu dugu zerbait ahoratzen dugun bitartean. Berriz abiatzerako, euria hasi du, eta ikusmira estali du lanbroak. Hotza egiten du, eta lokazten ari da errepidea.

Alabaina, irribarrea ahotik kendu ezinik nago, eta gogotsu ekin diot metro gutxira lainopean ezkutatuko den bideari.

Kolonbia ikusezina

Asko sufrituriko herria da Kolonbia. Istorio latzak kontatu dizkigute, lehen pertsonan, ibilbidean topatutako askok. Hala ere, kontakizunik beldurgarrienak turismo-guneetatik aparte dauden bailara galduetan aurkitu ditugu; Kolonbia ikusezinean barneratu garenean.

Alta, herrixka galdu horietan egin dizkigute ongietorririk beroenak, eta daukaten gutxia eskaini digute askotan: jateko zerbait, edota etxeko babesa gaua igarotzeko. Konfiantza sortu da horrelakoetan, eta hainbatek erakutsi dizkigu gerrak eragindako orbainak.

Bernardo nekazariak erakutsi digu berea: haien ama paramilitarren eskuetan desagertu zen. Otanchen gaude, esmeralda-meatzeen eremuan.

Otanche

Kafea hartzera gonbidatu gaitu bere etxe umilera, eta kontu-kontari ari gara. Aipatu digunez, ezbehar guztien gainetik – lurrak utzi eta ihes egin beharra, maiteen heriotza edo desagerpena… –, bizitzari jarrera positibo eta alaiarekin eusten diote, orokorrean, kolonbiarrek. Hori esanda, begirada beheratu eta kikarako putzu beltzari gogoa emanda geratu da, isilik. Horrela egon da segundo batzuk, baina soa altxa eta hizketan jarraitu du segituan, animoso: “Zer egingo dugu, bada, hemen gauden denbora urrian? Triste eta haserre bizi? Gaur bezala, iraganeko minak arakatzen baditugu, aurrera egiteko gogoa eta indarra atera dadila bertatik. Etorkizunari, ezezagunari, alaitasunez eta era positiboan helduko diogu horrela”.

Isildu egin da berriro, guri begira oraingoan. Ezezagunei begira. Irribarre egin digu jarraian, eta gaua bere etxean igarotzeko gonbita luzatu digu.

Bernardo, erdian, familiarekin

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s